IV. titulua.- Erakundearen gobernu-organoak

14. artikulua.

Hona hemen Erakundearen gobernu-organoak:

1.- Batzar Nagusia

2.- Zuzendaritza Batzordea

3.- Presidentea.

15. artikulua.

1.- Batzar Nagusia da Erakundearen organo gorena; kide guztiek osatzen dute.

2.- Ohiko bilkurak zein bilkura bereziak egin ditzake. Ohiko bilkurak gutxienez bi urtean behin egingo dira, eta deialdia Zuzendaritza Batzordeak egingo du, gutxienez hamabost egun lehenago.

3.- Batzar Nagusiaren ohiko bilkura lehen deialdian baliozkoa izango da gutxienez kideen erdia gehi bat bertaratu direnean. Quorum hori erdiesten ez bada, baliozkoa izango da ordu erdi beranduago, bigarren deialdian, lehen deialdiaren toki berean, bertaratu den kide-kopurua edozein dela ere. Erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengo soilaz hartuko dira.

16. artikulua.

Batzar Nagusiari dagozkio honako hauek ohiko bilkuran:

1.- Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratzea eta horren kudeaketaz informatua izatea.

2.- Kideek urtero ordaindu beharreko kuotak aldatzen badira, aldaketaren berri informatua izatea.

3.- Urteko aurrekontua eta aurreko aurrekontu-ekitaldietako emaitza-kontuak onartzea.

4.- Erakundearen helburuak erdiesteko beharrezkoak diren erabakiak hartzea, Zuzendaritza Batzordeak proposamena egiten duenean.

17. artikulua.

1.- Batzar Nagusiak bilkura berezia egingo du, Zuzendaritza Batzordeak deialdia egin ondoren (gutxienez hamabost egun lehenago) edo Batzar Nagusiak berak ohiko bilkuran hala erabakitzen badu.

2.- Baliozko erabakiak hartu ahal izateko, botoa ematen duten kideen bi herenek gutxienez aldeko botoa eman behar dute.

18. artikulua.

Batzar Nagusiari dagozkio honako hauek bilkura berezian:

1.- Erakundearen jabetzakoak diren ondasunen xedapenari eta besterentzeari lotutako erabakiak hartzea.

2.- Hala badagokio, Erakundea desegiteko erabakia hartzea, eta hura desagertzen denean ondasunekin zer egingo den ere bai.

3.- Zuzendaritza Batzordeak aurkezten dizkion edota Batzar Nagusiak proposatu ondoren gai-zerrendan dauden gaien gainean erabakiak hartzea, ohiko saioan, deialdia Batzar Nagusiaren erabakiz egin denean.

4.- Hala badagokio, bertaratzen diren kideen 2/3ek aldeko botoa ematen badute, Zuzendaritza Batzordearen aurkako zentsura-mozioa onartzea; kasu horretan, ordezko Zuzendaritza Batzordea proposatu behar da nahitaez, eta Erakundeko kideen 1/3ak sustatu behar du mozioa.

19. artikulua.

Batzar Nagusiaren ohiko bilkuretan zein berezietan posta bidezko botoak onartuko dira. Horrez gain, gai-zerrendako gai zehatzetarako, ordezkari bidezko botoak onartuko dira, behar bezala dokumentatuta. Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratzeko, posta bidezko botoak onartuko dira, baina ordezkari bidezko botoak ez.

20. artikulua.

1.- Erakundearen Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute:

  • Presidentea.
  • Presidenteordea.
  • Idazkari nagusia.
  • Diruzaina.
  • Batzordekideak, gehienez ere hamar.

2.- Erakundean presidente kargua utziko duen pertsonak hitza du Batzar Nagusian, baina ez du boto-eskubiderik.

3.- Batzar Nagusia emakume eta gizonen arteko oreka mantenduz osatuko da, bai eta beste irizpide batzuk betez ere (lurraldea, instituzioa, esperientzia eta diziplina), Erakundearen pluraltasuna islatze aldera.

21. artikulua.

Zuzendaritza Batzordearen agintaldia lau urtekoa izango da, hura aukeratzen den unetik aurrera zenbatzen hasita, urte horretan egiten den biltzarrarekin bat etorriz.

1.- Zuzendaritza Batzordeko kideak beste behin bakarrik hautatu ahal izango dira. Inor ezin da Zuzendaritza Batzordeko kide izan bi agintaldi baino gehiago jarraian, Erakundeko presidente hautatzen badute izan ezik.

2.- Agintaldian zehar hutsik geratzen diren postuak presidenteak proposatzen dituen kideek bete ahal izango dituzte, betiere Zuzendaritza Batzordearen oniritziarekin, hurrengo Batzar Nagusia egin arte; une horretan, zatikako hauteskundeen deialdia egingo da postu horiek betetzeko.

22. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeari dagozkio honako hauek:

1.- Erakundearen ekintzak zuzendu eta administratzea, Batzar Nagusian hartutako erabakiak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuz.

2.- Batzar Nagusiaren ohiko bilkuren edo bilkura berezien deialdia adostea.

3.- Urteko aurrekontua eta kontuen justifikazioa onartzea, eta kideek urtero edo Erakundeak antolatutako biltzarretara joateko inskripzioengatik ordaindu beharreko kuotak adostea.

4.- Banako kide emerituak eta ohorezko kideak izendatzeko erabakia hartzea, Batzar Nagusiari jakinarazita.

5.- Kide berriak onartzea (lan hau idazkari nagusiaren eskuetan utz dezake) eta Batzar Nagusiari kide izaera kentzea proposatzea, 12. artikuluari jarraikiz.

6.- Erakundearen helburuak betetzearekin lotura duten ekintzen gainean erabakitzea.

7.- Presidenteak hala eskatzen badu, Erakundea kide den nazioarteko erakundeetarako ordezkariak izendatzea

8.- Lantaldeak sortzea Erakundeak hobeto funtziona dezan.

9.- Batzorde zientifikoko, epaimahaiko eta Erakundean erabakiak har dezaketen bestelako elkargoetako kideak izendatzean, oreka mantentzea generoari, lurraldeari, instituzioari, esperientziari eta diziplinari dagokienez.

23. artikulua.

1.- Zuzendaritza Batzordea gutxienez hiru aldiz batzartuko da urtean. Presidenteak egingo du deialdia, gutxienez zazpi egun lehenago, dagokion Gai-zerrendarekin batera.

2.- Zuzendaritza Batzordeak, bertaratzen diren eta botoa ematen dutenen gehiengo soilarekin hartuko ditu erabakiak. Gai-zerrendako gai zehatzetarako, ordezkari bidezko botoak onartuko dira, behar bezala dokumentatuta.

3.- Zuzendaritza Batzordeak bilkura berezia egingo du presidenteak edo kideen herenak hala eskatzen badu. Bilkura berezia egiteko eskaeran dagokion gai-zerrenda proposatu behar da.

24. artikulua.

1.- Zuzendaritza Batzordeko presidentea lau urterako izendatuko da, eta ezingo da elkarren segidako mandaturako berriz hautatu.

2.- Presidenteari dagozkio honako hauek:

2.1.- Batzar Nagusiaren bilkuren (ohikoak zein bereziak) deialdia egitea eta horietako buru izatea, eta bertan adostutakoa betearaztea.

2.2.- Zuzendaritza Batzordearen bileren deialdia egitea, horietako buru izatea eta haiek koordinatzea; berdinketa dagoenean, kalitateko botoa emango du hura hausteko.

2.3.- Erakundearen ordezkaria izatea arlo guztietan eta ondore guztietarako.

2.4.- Egin beharreko ordainketak egiteko agindua ematea, urteko kuotak kobratzea, eta Erakundeak jasotzen dituen diru-laguntzak edo dagozkion bestelako zenbatekoak onartu eta jasotzea.

2.5.- Berez edo Zuzendaritza Batzordeak eztabaidatu ondoren, beharrezkoak diren erabakiak hartzea Erakundeak bere helburuak erdietsi ditzan.

2.6.- Estatutuen arabera beste gobernu-organoek berariaz esleituta ez dituzten ekintzak gauzatzea, betiere Zuzendaritza Batzordearen onespenarekin.

2.7.- Erakundean presidente kargua utziko duen pertsonak hitza izango du Zuzendaritza Batzordean, baina ez du boto-eskubiderik izango.

25. artikulua.

1.- Presidentearen kargua hutsik badago edo presidentea bertan ez badago (kanpoan edo gaixorik dagoelako), presidenteorde batek egingo du legez bere lana, lehentasun-hurrenkerari jarraituz.

2.- Idazkari nagusiak Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileretako aktak egin eta zainduko ditu, bi organo horien bilkuren deialdiak egingo ditu presidentearen izenean, eskatzen zaizkion ziurtagiriak igorriko ditu eta beharrezkoak diren dokumentuak prestatuko ditu Erakundeak bere helburuak erdietsi ditzan; eta horrez gain, bere karguari dagozkion funtzioak beteko ditu.

3.- Erakundearen Diruzaintzari dagokio Erakundearen baliabide ekonomikoak zaintzea eta kontrolatzea, urteko aurrekontuaren proiektua prestatzea, kuoten kobrantza kudeatzea, ordainketak baimentzea, Erakundearen kontabilitatea edo kontuak gainbegiratzea eta gastuaren egiterapenari buruzko urteko dokumentua prestatzea.

26. artikulua.

Kontseilu Akademikoa Erakundeko kide kolektiboek osatuko dute. Aholku-emailea izango da, eta bere eginkizuna Zuzendaritza Batzordeari aholkuak ematea da. Urtean behin batzartuko da Politika eta Administrazio Zientziaren garapen instituzionalaren gainean eztabaidatzeko.